Ager daitezkeen sentimenduak

Ager daitezkeen sentimenduak

Astinaldia

Ezin duzu sinetsi maite duzun pertsona hil berri dela. Ezin da egia izan. Nahasia sentitzen zara. Txantxa krudela ote da?

Batzuetan bizirik dagoela iruditzen zaizu, nahiz eta jakin benetan hil egin dela. OIHU EGIN nahi duzu: “EZ DA GERTATU, EZ DA EGIA”

Beste batzuetan pentsatuko duzu ez duzula ezer berezirik sentitzen... Normala da, eta astinaldiaren parte bat da. Zeure buruari hauxe galdetuko diozu beharbada: “Zergatik irauten dit hainbeste?”. Kontua da nahaste mota horrek orduak, egunak eta asteak har ditzakeela eta, batzuetan, tarte luzeagoak ere bai. Normala da.

Tristura

Gerta daiteke, nahastea argitu ahala, hobeki konturatzea hildakoa ez dela gehiago itzuliko. Horrek tristura eragin dezake. Triste bazaude, agian negar eginen duzu etengabe edo ez duzu negar eginen; bi egoerak osasungarriak eta naturalak dira. Etengabeko hutsune sentsazioa izan dezakezu.

Bakardadea

Tristurak lagun ona du alboan beti: bakardadea. Beste pertsona batzuk pozik ikusten dituzu, eta beren bizitzarekin jarraitzen dute, ezer gertatu ez balitz bezala. Baina zu ez zara horrela sentitzen, eta dibertitzeak errudun sentiarazten zaitu. Uste duzu inork ez zaituela ulertzen? Hori guztia ohikoa da; izan ere, norbait hiltzen denean, hiletaren ondoren, pertsonek, oro har, hildakoari buruz hitz egiteari uzten diote eta ez digute galdetzen nola gauden. Baina guri gustatuko litzaiguke galdera hori entzutea.

Lasaitasuna

Batzuetan gerta daiteke lasaitasuna sentitzea. Agian, hildakoa luzaroan egon zen gaixorik. Orduan, haren sufrimendua amaitu dela pentsatuko duzu. Edo, agian, lasaituko zara beste arrazoi batzuengatik. Lasai sentitzea ere normala da.

Antsietatea eta beldurra

Antsietatea ere sentitu dezakezu. Heriotza benetakoa dela eta zure inguruan gertatzen dela jakiteak, eta ez bakarrik besteenean, beldurra eman dezake. Gauza beldurgarrietan pentsatzen has zaitezke: Nola biziko naiz bera gabe? Maite dudan beste norbait hilko da?... Pentsamendu horien ondorioz, zure gorputzak hainbat erreakzio izanen ditu batzuetan: aire faltaren sentsazioa, bularreko mina, tripako mina, ondoeza, buruko mina eta abar. Gehienoi pasatzen zaigu, maite genuen norbait hil dela jakinarazten digutenean.

Beldurra eta antsietatea erantzun osasungarriak eta ohikoak dira, galera bat jasatean.

Errua

Nahiko ohikoa da nolabaiteko urduritasuna edo alhadura sentitzea norbait hiltzen denean. Agian zerbait esan nahi zenion, baina azkenean ez zenion esan. Ez zenuen uste denbora hain goiz amaituko zela. Esan gabe geratu dira honelakoak: “maite zaitut, eskerrik asko, barkatu...”. Eta esaldi horiek garaiz ez esateak eragin dezake zu orain errudun sentitzea. Garrantzitsua da, horrela sentitzen bazara, konfiantzazko norbaitekin hitz egitea, zeure baitan ixteak ez baitizu lagunduko.

Haserrea

Une honetan, sumindura ere senti dezakezu. Baliteke bidegabekeria eta amorrua sentitzea. Nahiko ohikoa da hauxe pentsatzea: “Zergatik gertatu zait niri? Bidegabekeria hutsa da”. Agian haserretuko zara pertsona maiteen heriotzarik jasan ez dutenekin... Normala da. Garrantzitsuena da haserreak zu ez menderatzea eta gauzak behar bezala adieraztea inor zauritu gabe, zeure burua ere zauritu gabe.

videos

ETS - Abuela Maitea
14/04/2023

Terry's Song-Bruce Springsteen
14/04/2023

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua