Alkoholemia-testa gainditzeko amen-omenak

Alkoholemia-testa gainditzeko amen-omenak
Ustezko amarru bat ere ez du funtzionatzen alkoholimetroari iruzur egiteko. Irudian Foruzaingoaren kontrola.

Txiklea murtxikatzea? Alkoholemia-kontrola egin baino lehenago flexioak egitea? Ura edatea? Zenbait gidarik pentsatzen dute ustezko amarruekin alkoholimetroari iruzur eginen diotela eta alkoholemia-tasa murriztuko dutela. Baina izan badira alkoholaren eta gidatzearen gainean bolo-bolo dabiltzan sinesmen faltsuak.

Jarraian, hona hemen metodo horietako batzuk. Zuk ikusi, baina bakar batek ere ez du balio alkoholemia-testari iruzur egiteko. Gogoan izan; gidatzean segurtasunik handiena alkoholik ez hartzeak ematen du.

Gidatu baino lehenago bi orduz itxarotea

Egia da: alkohola hartzen denetik zenbat eta denbora gehiago igaro, hainbat eta alkohol gehiago metabolizatuko du organismoak eta, segidan, gorputzetik kanporatuko du. Hala ere, ez dago inongo arau orokorrik esanen digunik zenbatekoa den alkohola hartzen dugunetik alkoholemia-kontrol batean detektatu arte igaro behar duen denbora segurua eta, are garrantzitsuagoa dena, zenbat denbora behar den gidatzea segurua izateko. Alkohola kanporatzen da 0,15 g/l orduko erritmo etengabean eta botatzeko behar den denbora hartutako edari alkoholdunaren araberakoa izanen da. Hala, garagardo baten alkohola kanporatzeko ordubete beharko da, gutxi gorabehera, eta kubata batena, aldiz, bi ordu baino zertxobait gehiago.

Ura edo limoi-zukua edatea

Alkohola kontsumitzen ari garenean, aurretik edo ondotik ura edateak alkoholak organismoan eragiten dituen kalte makurrenetako batzuk murrizten ditu. Garrantzitsua da alkoholak eragiten duen deshidratazioa konpentsatzea eta ohiko trikimailua izan ohi da, baita eraginkorra ere, bestondoaren sintomak arintzeko, baina ez da eraginkorra alkoholemia-kontrol batean positibo ez emateko. Limoi-zukuak ere ez du laguntzen listuan dagoen droga- edo alkohol-kontzentrazioa aldatzen. Hartzen baduzu, ahoan listu gehiago sortuko da eta, gehienez ere, ahoa freskatuko dizu.

Kafe-aleak, txikleak, hortzetako pasta jatea

Alkoholemia-kontroletan lehen proba bat egiten da, botatako airea analizatuta. Organismoan alkoholaren presentzia ezkutatzeko amarru guztiek ez dute deusetarako balio, pentsatzen badugu zaporeak alkohola organismoan ezkutatu edo xurgatuko duela. Maiz uste izaten da kafe-aleak, txikleak, gozokiak edo hortzetako pasa jaten bada ez dela alkoholemia-kontrol batean positibo emanen. Gezur hutsa da.

Ariketa egitea izerdia botatzeko

Ariketa egiten bada gorputzak izerdi gehiago botako du. Hala ere, alkohola izerdiaren bidez botatzeak ez du alkoholemiaren emaitza aldatuko. Gezur hutsa bada ere, segur gara noizbait ikusi duzula norbait alkoholemia-kontrol batetik hurbil lasterka edo flexioak eginez. Hori hala izanik ere, ez da aski denborarik izerdiaren bidez alkohola kanporatzea eraginkorra izan dadin. Izan ere, botatako airearen bidezko proban positibo eman ondoren, gidariak badu bigarren proba bat egiteko eskubidea (lehenetik 10 minutura egiten da eta ez da aski alkohola kanporatzeko) eta, berriz positibo ematen badu, kontrasterako hirugarren proba bat egiteko eskubidea izanen luke. Odol-analisia eginen liokete eta horretan ez dago akatserako marjinarik.

Gogoan izan; gidatzean segurtasunik handiena alkoholik ez hartzeak emanen dizu

Kuluxka bat egitea

Kuluxka bat egiteak ez du balio organismoan dagoen droga edo alkohola kanporatzeko. Bost ordu edo gehiagoko loa bada, ondorioren bat eragin dezake, baina ez berez igarotako denborarengatik, baizik eta lo egite hutsagatik.

Edari energetikoak edatea

Edari energetikoak edatea ez da batere gomendagarria. Ez dute alkohola kanporatzen organismotik eta, horretaz gainera, arriskutsuak dira alkohol-kantitate handiekin nahasita hartzen badira. Edari energetikoak hartzeak alkoholaren ondorioak ezkutatzen ditu eta alkohol gehiago kontsumitzea eragin dezake.

Sendagaiak hartzea kontrol batean positibo ez emateko

Ez dago frogatua izan badela kontrol batean positibo ez emateko sendagai mirarizkorik. Ezta beste xede baterako sortutako sendagaiak ere, esaterako, antiazidoak. Zenbait sendagairekin alkoholaren ondorioak handiagoak izan daitezke eta alkoholemia-kontroletan errazago hauteman daiteke.

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua