Badakizu zer den bapeatzea?
Behar bada gai hau interesatzen zaizu... edo behar bada ez. Baina noizbait ikusi baduzu baten bat zigarreta elektronikoarekin, kontua ezaguna eginen zaizu.
Bapeatzea da aerosol bat arnastea, zigarreta elektroniko izeneko gailu baten bidez.
Eta zer osagai ditu lurrun horrek? Hona hemen informaziorik garrantzitsuena:
Ez da ur-lurruna soilik
“Lurrun” deitzen badiote ere, bapeatzean arnasten duzunak honako hauek izaten ditu:
-
Zure gorputzari kalte egiten ahal dioten substantzia kimikoak
- Zapore-emaile artifizialak
- Nikotina, baita nikotinarik batere ez duela erraten dutenean ere
Zergatik bapeatzen du jendeak?
Batzuetan, taldearen presioak, jakin-minak edo “ez dela deus ere gertatzen” pentsatzeak eragina izaten ahal dute. Normala da taldekidetzat har gaitzaten nahi izatea, edo gauza berriak probatzeko gogoa izatea, baina, erabakia hartu aitzinetik, garrantzitsua da jakitea zer dagoen horren gibelean.
Eta zer gertatzen da zure osasunarekin?
Hemen kontua ez da izutzea, baizik eta zer egin nahi dugun hausnartzea. Bapeatzeak baditu zure osasuna kaltetzen duten ondorioak:
- Mendekotasuna: nikotinak azkar harrapatzen zaitu, eta zigarroak erretzeko gogoa sortzen ahal dizu.
- Biriketako kaltea: aerosolaren substantzia batzuk kantzerigenoak dira, birikei eragiten diete eta, gainera, eritzeko arriskua handitzen dute.
- Ezongi emozionala: azken ikerketen arabera, antsietate- eta depresio-sintomekin lotua dago bapeatzea.
- Nikotinak, gainera, eragina izaten ahal du zure oroimenean. Oroitu: zure burmuina eraikitzen ari da oraindik.
- Loarekin lotutako arazoak: bapeatzen duten pertsona askok insomnioa edo lo egiteko zailtasunak izaten dituzte.
Eta presio soziala?
Batzuetan, erronka izan daiteke zure erabakiei eustea lagunak bapeatzen ari badira. Noizbait zalantzak izan badituzu, edo ziurtasunik gabe sentitu bazara, normala da. Konfiantzazko norbaitekin mintzatzeak laguntzen ahal dizu argitzen eta zure izaerarekin eta pentsamoldearekin bat heldu diren erabakiak hartzen.
Zer egiten ahal duzu bapeatzea edo erretzea proposatzen badizute?
- Pentsatu zer nahi duzun zuk.
- Bilatu bertzelako aukerak: kirola, musika, artea, boluntariotza... Badira mila modu ongi sentitzeko eta bertzeekin konektatzeko.
- Solas egin eta partekatu: zalantzak badituzu edo presioa sentitzen baduzu, galdetu edo laguntza bilatzen ahal duzu. Ez duzu erabakia bakarrik hartu beharrik.
Eta zuk zeronek zer pentsatzen duzu?
Gure helburua ez da zer egin behar duzun esatea, informazioa ematea baizik, erabakia jakinaren gainean hartzeko aukera izan dezazun.
Zure osasunak, emozioek eta gorputzak zain ditzazun merezi dute.
[Partekatu zure iritzia edo galdera hemen] 
Informazio gehiago:


