DROGA BERRIAK: KONTATZEN EZ DIGUTENA
Ezagunak egiten zaizkizu Charge +, China White, Spice, K2, Green Rush, Energy, Pink Panthers edo Colombian?
Substantzia horiek eta beste batzuk konposatu sintetikoak dira, eta laborategietan fabrikatzen dira droga tradizionalen antza lortu nahian; besteak beste, kanabisa, estimulatzaileak (kokaina eta abar) edo haluzinogenoak (perretxikoak, LSDa) imitatu nahi dituzte. Izan ere, nolabaiteko antzekotasun kimikoa dute, baina efektu ezberdinak sortzen dituzte bai intentsitateari bai iraupenari dagokionez, eta ondorio kaltegarriak izaten dituzte, droga tradizionalek eragiten dituztenak baino larriagoak batzuetan.
“Denda espezializatuetan saltzen dira, bai fisikoetan (adibidez growshop batzuetan) bai Internet bidez, eta ezagunak dira diseinu koloretsuko zorroetan ontziratzen direlako... Erakargarriak izateko, esaten digute estimulatzaileak, haluzinogenoak edo “erretzeko edo pipatzeko produktuak” direla, eta droga tradizionalen antzeko efektua dutela, hala nola estasi, speed, kokaina edo kalamuarena, baina “legalak direla”. Halaber, are erakargarriagoak izan daitezen, drogen kontroletan (errepidekoetan edo lantokikoetan) ez dutela positibo ematen esaten digute. Beraz, droga horiek aurkezten dizkigute droga ilegalen alternatiba gisa (efektu bera sortzen dute), legalak eta detektaezinak direla esanez”.
Aipamena: Claudio Vidal Giné, Energy Control Andalucía
Ba al dakizu zer ez diguten esaten?
Ez dira ilegalak, baina ezta ere legalak
Substantzia horiek, oraingoz, ez daude Nazio Batuen Konbentzio Bakarren Estupefazienteen Fiskalizazio Zerrendetan eta, beraz, ez dago debekatuta substantzia horiek ekoiztea eta saltzea. Baina bada araudi espezifiko bat haien ekoizpena, banaketa, salmenta eta kontsumoa arautzeko.
Substantzia horiek kontsumitzen dituenak ez daki zer ari den hartzen
Substantzia horietako gehienek ez dute haien konposizioari buruzko deskripzio zehatzik, edo, baldin badute, izen laburtuak eta ez oso argiak erabiltzen dituzte; are gehiago, batzuetan adierazten dutena ez da egia eta, beraz, kontsumitzen duenak ez daki zer hartzen duen. Gainera, konposizioa ezberdina izan daiteke ontziaren arabera.
Droga horiek benetan zer daramaten jakiteko egiten diren analisietatik, badakigu, askotan substantziak berak (katinona, kannabinoide, triptamina, etab.) beste osagai batzuk izan ditzakeela, hala nola analgesiko lokalak (bentzokaina), estimulatzaileak (kafeina) eta beste azpiproduktu batzuk. Beraz, interakzio farmakologikoak sor daitezke osagai ezberdinen artean, edo substantzia horien eta beste droga batzuen artean, bat baino gehiago kontsumitzen bada.
Substantzia horiek ez dituzte beharrezko kontrolak pasatu eta, horregatik, askotan haien etiketan ohar hau agertzen da: “ez da egokia giza kontsumorako”. Izan ere, beste gauza batzuetarako ere saltzen dira, hala nola bainu-gatz, intsentsu eta abarretarako.
Horregatik guztiagatik, eta eragin ditzaketen ondorio kaltegarri larriengatik,
ez da segurua substantzia horiek kontsumitzea.
Beste arrisku batzuen pean jartzen zaituzte
Droga horietarako ez dago oraingoz detekzio proba azkarrik, normalean egiten direnak bezalakorik. Hain zuzen ere, kontroletan positibo ematen ez dutelako saltzen dira, baina ez da esaten kontsumitzailearen gidatzeko gaitasuna kaltetzen dutela. Droga horien kontsumoak segurtasun faltsu bat eragiten du eta, ondorioz, arriskuan dago bai norberaren burua bai beste batzuena.
Idatz iezaguzu zalantzaren bat baduzu! 
Substantzia horietako bakoitzari buruz gehiago jakin nahi baduzu:
https://energycontrol.org/tiposustancia/nuevas-drogas/ (gaztelaniaz)


