Emozio nagusiak

Identifikatzeko seinaleak

Emozioak modu ugaritan sailka daitezke. Esate baterako, atseginak (poza, lasaitasuna, harridura, esker ona, segurtasuna, maitasuna…) eta desatseginak (beldurra, tristura, herstura, haserrea, errua). Gako hauek emozioak bereizten laguntzen ahal dizute. Eta, hala, hobeki kudeatzen ahalko dituzu.

Poza

Indargarri positiboa da zerbait ongi joan denean. Honako sintoma fisiko hauetako batzuk senti ditzakegu: ongizatezko sentipen orokorra, arintasun handiagoa, distira begietan, irribarrea…

Pozak energia eta pentsamendu positiboak areagotzen ditu. Partekatzera eta esperimentatzera bultzatzen gaitu, hazten laguntzen gaitu, eta loturak sortzen ere bai.

Amorrua/haserrea

Geure burua babesteko erantzuna da zenbait egoeratan: bidegabeak iruditzen zaizkigun horietan, gure ongizatearen aurka doazenean, edo gure eskubideak urratzen direla uste dugunean. Muskuluetan tentsioa nabari dezakegu, batez ere aurpegian eta gorputz-adarretan…

Haserreak mugak jartzen eta ezetz esaten laguntzen digu, eta ongi sentiarazten ez gaituzten egoerak hobetzeko aukerak bilatzen. Aldaketak eragiten ditu.

Tristura

Energia apaltzen digu. Sintoma fisiko hauek ager daitezke: herstura bularrean, negargalea, nekea, jateko gogoa galtzea, gauzak egiteko indarra eta bulkada galtzea … Galera kudeatzen eta errealitate mingarri bat onartzen laguntzen digu.

Beldurra

Kalteren bat pairatuko dugula uste dugunean agertzen da. Eta, horrexegatik, garrasika edo lasterka has gaitezke, besteak beste. Sentipen desatsegin edo sintoma fisiko hauek senti ditzakegu: taupadak bizkortzea, izerdia, dardarak, eztarri lehorra, arnasa hartzeko zailtasuna, tentsioa giharretan… Erne jartzen gaitu etortzekoa den arrisku edo mehatxu bat dela-eta, eta babesa bilatzen laguntzen digu. Atzera egiten dugu, edo egoerari aurre egiteko prestatzen gara.

Nazka

Mehatxuetarako prestatzen gaitu, eta kalte egiten ahal digun edo gaizki sentiarazten ahal gaituen hori saihesten laguntzen digu. Familia, adiskide-talde eta lekuen araberakoa izaten da, ingurukoengandik ikasten baitugu.

Aipaturikoak gure emozioetako batzuk baizik ez dira, eta guztiek ere modua ematen digute egoerak ebaluatzeko, zer axola zaigun identifikatzeko, nola gauden ezagutzeko, besteei nola sentitzen garen eta zer nahi dugun adierazteko, bizipenetatik ikasteko eta egoera eta une bakoitzerako egokiak diren erabakiak hartzeko.

Bost emozioak bata bestearekin konbina daitezke

Harridura, nahiz eta oinarrizko emoziotzat hartzen den (jaiotzatikoa eta unibertsala), emoziorik laburrena da, eta beldurraren eta pozaren nahasketa bat da. Harridurak gure aditasuna bideratzeko balio du, arreta piztu digun estimulura bidera dezagun.

 

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua