Genitalitatea, disfrutatzeko modu bat gehiago

Genitalitatea da sexualitatearen kontzeptu partzial bat; ez dira gauza bera, nahiz eta lotuak egon.

Ez da oso ohikoa genitalei buruz hitz egitea, eta aipatzen badira, askotan euren izenez deitu beharrean bestelako hitzak erabiltzen dira, oraindik tabua baita sexualitatea. Euren izenez deitzea, ezagutzea eta ederrak direla ikustea (soin guztia da ederra) merezi du.

Kanpoko genital femenino deitutakoak edo alua: Pubertaroaren ondoren ilez estaltzen den pelbisaren gaineko eremu beratx horren azpian daude, eta dira ezpain handiak eta txikiak, eta klitoria (ikus irudia).

Ispilu batekin ikus ditzakezu.

Klitoria fereka edo laztanekiko gunerik sentikorrena da; kitzikapen sexualeko puntu garrantzitsua da, plazera ematen duena. Tente jartzen da eta neurriz handitu, estimulu sexualaren eraginez.

Barneko genital femenino deitutakoak dira bagina, umetokia eta obulutegiak.

Bagina alutik umetokira doan hodi muskular elastikoa da. Baginaren paretek, kitzikapen sexualaren hasieran, fluido koloregabe bat sortzen dute, hezetasuna eta lubrifikazioa ematen dituena. Baginaren sarreratik hurbilen dagoen zatia, batez ere aurrealdeko pareta, oso sentikorra da, eta gune hori estimulatzeak sentsazio atseginak eman ditzake. Umetokiak, kitzikapenaren momenturik gorenetan, plazerez dar-dar egin dezake eta plazer uhinak gorputz osora zabaldu.

Genital maskulino deitutakoak dira batetik, zakila eta eskrotoa edo barrabil zorroa (kanpoko genitalak), eta bestetik, barrabilak (barneko ugalketa-organoak).

Zakila, eta batez ere bere bukaera, glandea, bai eta eskrotoa ere, barrabil zorroa, fereka edo laztanekiko oso sentikorrak dira. Neurri desberdinetakoak izan daitezke, eta horrek ez du eraginik funtzionamendu sexualean, ezta sexu harremanen plazerean ere.

Eiakulazioan, uretratik semena ateratzen da, likido zurixka bat, espermatozoideak edo zelula ugalkorrak dituena; espermatozoideak obuluarekin elkartuz gero, haurdunaldia hasten ahal da. Bada likido bat semenaren eiakulazioaren aurretik nahi gabe isurtzen dena, uretratik gernuaren errestoak garbitzeko, eta likido horretan ere egon daitezke espermatozoideak, beraz, horrekin ere gerta daiteke haurdunaldia.

videos

Genitalitateari buruz gehiago jakiteko
23/05/2019

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua