Gure soina sexuduna da. Pertsonek, oinetatik burura larruazal sentikorra dugu; horri esker sentitzen dugu eta sentiarazten dugu. Prestatuak gaude gorputzetik gorputzerako ukipen eta komunikaziorako.
Gure soinean badira sexualki oso sentikorrak diren guneak, plazer sentsazioa eman dezaketen nerbio-bukaera asko dituztenak; horiei deitzen diegu gune erogenoa.
Pertsona bakoitzari galdetuko bagenio, eta emaitzak bilduko bagenitu, ikusiko genuke gorputz osoa dela gune erogenoa: burua, belarriak, bularra, sabela, uzkia, alua, klitoria, zakila, barrabilak, hankak, oinak... Segun eta zein den esperientzia, gustuak, unea, hartu-emana, irudimena...
Gure garuna alderdi oinarrizkoa eta garrantzitsua da gure desira sexualean. Funtsezkoak dira halaber plazera sortzen diguten gure estimulu eta esperientziak. Oroitzapenek, izandako esperientziek eta fantasiek kitzikapena eragin dezakete eta plazeraren ateak irekitzen lagundu.