Nola moldatu estresarekin

Nola moldatu estresarekin

Estresa osasunez kudeatzeko gakoak

Bizitzan zehar edozeinek jasan ditzake estresak eragiten dituen gertaerak. Estresagarria izan daiteke behin edo behin baino gehiagotan gerta daitekeen zerbait, iraupen laburrekoa edo luzeagokoa izan. Hartara, pertsona batzuek estresarekin hobeki molda daitezke edo beste batzuk baino azkarrago atzean utz ditzakete gertaera estresagarriak.

Estres hitza burura datorkizunean, beharbada ideia bat baino gehiago izanen dituzu dantzan. Eta ez zatekeen harritzekoa izanen noizbait estresak jota egon izana. Izan, ere,

  • Gure inguruari egokitzeko prozesu natural eta arrunta da.
  • Gure baliabideak aktibatzen ditu, ahalegin handiagoa behar duten egoerak ebazteko.

 

Nola jakin estresa duzun

Hasteko eta behin, estresak ez du zertan arazo izan. Batzuetan positiboa izan daiteke, alertan jartzen gaituelako eta erronkei hobeki erantzuten laguntzen digulako. Hala ere, estresari erantzuteko gure gorputzean agertzen diren emozio eta sintomen aldaketei eta intentsitateari kasu egin behar diegu.

Zantzu hauek agertu ohi dira batzuetan:

Ondoez emozionalaren zantzuak Antsietatea edo tristura; Etengabe suminduta edo haserre izatea; Maiz egonezina edo larritasuna izatea; Nekea; Dena ezkortasunez ikustea; Gehiegi arduratzea; Nork bere burua gutxi preziatzea; Insomnioa; Zereginak bukatu gabe uztea; Jardueretatik edo harremanetik deskonektatzea; Gehiegi edo gutxiegi jatea.
Tentsio fisikoaren zantzuak Urduri-urduri egotea; Korapiloa urdailean izatea; Giharren tentsioa; Izerdia; Palpitazioak; Buruko, lepoko edo bizkarreko mina.

 

Zerk eragin dezake estresa?

Azaldutako ondoezak egunerokotasuneko gertaeretatik datozke: ikasketetan zama handiegia izatea; trantsizio-aldi bat; eztabaida izatea familiarekin edo lagunekin, eta abar. Ahaztu gabe, jakina, izan badirela ingurumenean eta ingurunean ukitzen gaituzten beste faktore batzuk. Gertaera hauek guztiak pilatzen joan daitezke.

Estresaren balizko zergatiak:

  • Gure pentsatzeko modua, sentitzekoa, eta biziari aurre egitekoa.
  • Gure bizimodua: erritmo azkarregia, gehiegizko jarduna, gustukoak ditugun jardueren gabezia...
  • Aurreikusi eta behin eta berriz gertatzen diren egoerak: azterketak, lanak entregatzea, gidatzea, etab.
  • Espero edo nahi ez ditugun gertaerak: maite dugun norbait joateagatiko dolua, bikotekidearekin puskatzea, bizilekuz aldatzea...

Norbanakoaren faktoreek eta ingurunekoek estresa eragin dezakete

 

Estresaren zergatiak aipatutako hauek edo beste batzuk izan daitezke. Zeureak identifika ditzakezu?

 

Estresarekin bazaude edo estresik izan baduzu...

Estresa molda daiteke. Hori da berri ona. Gainera, badira moduak pertsona bakoitzari egokitzeko. Hoberena da haiek ezagutzea, guri gehien komeni zaiguna abian jartzeko.

Estresa moldatzeko baliagarriak izan daitezkeen eredu batzuk ditugu hemen:

  • Behar adina atseden hartzea

Edan neurrian edari bizigarriak (edari energetikoak, kafea, Coca Cola, tea, zenbait sendagai), lo egin gutxienez 7-8 orduz gauez eta noizean behin atseden hartu egunean zehar.
  • Tentsio fisikoa askatzea

Erlaxatzeko, arnas hartzeko teknikaren bat praktikatzea edo beste jarduera lasaigarriren bat egitea, hala nola musika entzutea, paseatzea edo irakurtzea.
  • Egoera zailei aurre egitea

Patxadaz aztertzea eta ikustea zer alda dezakedan eta zer ez. Aldatu ezin dudan hori onartzea, horri beste modu batez begiratzea, eta hobetu dezakedanari ekitea.
  • Gauzak positiboki begiratzea

Egoera batean parte guztiei erreparatzea, bai zailtasunei bai aukerei, eta "dena gaizki dago" moduko orokortasunak saihestea. Besteengan konfiantza izatea eta nork bere burua preziatzea. Gauzak umorez hartzea.
  • Estresa konpentsatzea

Geure buruarekin gustura egoteko moduko jarduerak egitea eta egunero gozatzeko moduko zerbait egitea.
  • Nork bere burua zaintzea

Ariketa fisikoa egitea, elikadura bariatua egitea, egunero gosaltzea, eta tarteka-marteka alde batera uztea mugikorrak, pantailak eta sare sozialak.
  • Ez uko egitea konfiantzazko lagunen laguntzari eta ez isolatzea

Hitz egitea besteekin eta gure egoera haiekin partekatzea.

 

Estresak jo bazaitu...

Estresak etengabe jota bagaude, energia gehiago xahutuko dugu eta atseden gutxiago hartuko. Estresak bere horretan badirau, bizitzari, osasunari eta ongizateari eragin diezaioke luzera. Estresarekin bazaude, garrantzitsua da alde batera ez uztea, zure ingurukoei esatea eta zure osasun etxeko profesionalei laguntza eskatzea, beharko bazenu.

Estresa eragiten duten faktoreak metatzea arazoa izan daiteke

 

Argibide gehiago:

Dokumentuak

Nola moldatu estresarekin
01/07/2021

Oinak lurrean-OME.
28/06/2021

Konturatu eta izena eman-OME.
28/06/2021

videos

Antsietateari eta estresari buruzko prestakuntza-saio laburra unibertsitateko ikasleentzat-UGR.
30/06/2021

6 aholku estresari aurre egiteko COVID-19ak eragindako pandemiaren aurrean
22/06/2021

Arnasketa diafragmatiko motela. Fernando Pena
22/06/2021

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua