Ondorioak
Pertsona bakoitzarengan guztiz desberdinak izan daitezke, hainbat konturen arabera: konposizioa (THC eta beste substantzia batzuen kontzentrazio maila), zenbat eta zein maiztasunez kontsumitzen den, adina, sexua, pisua, pertsonaren aurrejoera genetikoa, gizarte ingurunea (kontsumo errituala, generoaren eraikuntza…) eta abar. Nerabezaroan eta gaztaroan kontsumitzeak arriskuak handitzen ditu, adin horietan burmuina oraindik garatzen ari baita.
Edozein adinetan, kalamua kontsumitzeak ondorioak ditu burmuinaren funtzioetan:
- Arreta
- Memoria
- Ikaskuntza
- Erantzun motorra, emozionala... emateko gaitasuna
Gorabeherak eragiten ditu arnas eta zirkulazio sistemetan.
Birikak
Marihuana kontsumitzeko modu bat baino gehiago badago ere, maizenik erre egiten da. Hartara, marihuanaren edo haxixaren keak substantzia kaltegarri eta kantzerigenoak ditu eta, tabakoarekin gertatzen den bezala, biriketako eritasunak eragiten ditu (bronkitisa, asma, biriketako minbizia, etab.).
Marihuana tabakoarekin batera kontsumitu ohi denez, tabakoarekin lotutako arriskuak gehitzen zaizkio marihuanaren kontsumoari.
Bihotza
Bihotz-maiztasuna eta hodi-zabalkuntza handitzen ditu, eta tentsio arteriala aldatzen. Beraz, bihotzeko eritasunak dituztenentzat bereziki da arriskutsua.


