Ez da kaltegarria, naturala baita...
Naturala izateak ez du esan nahi ez denik kaltegarria; pozoi asko, tabakoa, edo opioa landareetatik ateratzen dira eta inork ez du ukatzen osasunerako kaltegarriak direla. Kalamuak burmuinaren funtzionamenduari eragiten dio eta hori ez da batere “naturala”.
Porruak erretzea tabakoa erretzea baino hobea da; gainera, ez du inor haren mendean jartzen...
Marihuanaren zein tabakoaren errekuntzan kartzinogenoak sortzen dira. Kontsumitzeko moduak (irazkirik gabe, arnas hartze sakonak eginez, marihuana-kearen tenperatura tabakoarena baino handiagoa izanez...) minbizia izateko arriskua handiagotzen du.
Gainera, kontsumo jarraituak mendekotasuna sortzen duela frogatuta dago, bereziki gazte-gaztetik hasten bada kontsumitzen.
Gidatzerakoan, porruak erretzea ez da alkohola hartzea bezain kaltegarria...
Alkoholak bezala kalamuak ere erreakzio- eta kontzentrazio-gaitasunari eragiten dio. Oreka eta koordinazioa alteratzen dira eta gidatzen ari zaren bitartean lo gelditzen ahal zara.
Bolantean, funtsezkoa da erabakiak burua argi dela hartzea, gure helmugara onik iritsi nahi badugu.
Marihuana erretzeak lo egiten laguntzen du…
Beharbada marihuana edo haxixa erretzeak lo hartzen lagunduko du. Alabaina, hura kontsumitzeak loaren kalitateari eragiten dio, iratzartzean fisikoki eta mentalki nekatuago egonen baikara.
Gazte gehienek porruak erretzen dituzte…
Marihuana kontsumitzea zerbait arrunta balitz bezala hartzen da gizartean, eta, batzuetan, uste izaten da gazte gehienek substantzia hori kontsumitzen dutela. Hala ere, inkestek eta datuek frogatzen dute, Nafarroan, azken hilabetean 14-18 urte bitarteko gazteen % 22,1ek soilik kontsumitu dutela.
Belarra edo haxixa erretzeak laguntzen du harremanetan, eta lagunarteko giro ona sortzen du...
Ez dago motibazio bakarra kalamua kontsumitzeko. Batzuek barre egitea bilatzen dute; beste batzuek erlaxatzea edo kuadrillakoagoak izatea...
Baina ezin da ukatu maiz kontrakoa eragiten duela; batzuk "zuri" gelditzen dira ("blankazoa" izaten dute) eta horrek "lagunarte txarrak" eragiten ditu eta, orobat, gero eta porru gehiago erre beharra eragiten du hobeki pasatu nahi bada...