Zer da alkoholemia?

Alkoholemia alkohola edan ondoren odolean dagoen alkohol-kantitatea da. Bi modutan neur daiteke: odol-analisi baten bidez edo botatako airearekin egindako analisi baten bidez. Izan ere, alkoholaren zati bat arnasketaren bidez botatzen da eta arnasketaren bidez hauteman daiteke.

Neurri handi batean, alkoholemia hartutako alkohol-kantitatearen araberakoa izanen da. Zenbat eta alkohol gehiago hartu, hainbat eta alkoholemia-maila handiagoa izan. Kantitateaz gainera, hala ere, badira alkoholemia-mailan eragiten duten beste faktore batzuk:

  • Edari alkoholduna azkar hartzea. Zenbat eta azkarrago hartu edari alkoholduna, hainbat eta azkarragoa izanen da xurgatze-abiadura eta odolera pasatuko den kantitate osoa.
  • Alkohola urdailean egoten den denbora. Urdailean elikagaiak baldin badaude, odolera ez da hain azkar pasatuko.
  • Neskek mutilek baino denbora gehiago behar dute metabolizatzeko. Beraz, alkohol-kantitate bera hartuz gero, nesken alkoholemia handiagoa izanen da.
  • Gure pisua zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta handiagoa izanen da alkoholemia. Hartutako alkohol-kantitate berarekin, organismoan hainbat eta likido-kantitate handiagoa izan, hainbat eta alkoholemia-tasa handiagoa. Hortik ondoriozta daiteke, alkohol-kantitate bera hartu ondoren, pisu handiagoko pertsona batek alkoholemia-tasa txikiagoa izatea pisu txikiagoko pertsona batek baino.
  • Behin alkohola gorputzaren barnean dagoela, alkohola gehienbat gibelean metabolizatzen da, alda ezin daitekeen erritmo etengabean. Batez beste, 0,15 g/l orduko erritmoan kanporatzen da. Hala, garagardo baten alkohola kanporatzeko ordubete beharko da, gutxi gorabehera, eta kubata batena, aldiz, bi ordu baino zertxobait gehiago.
  • Esan dugu alkohola erritmo etengabean metabolizatzen dela. Hartara, denbora laburrean alkohol asko hartzen dugunean, hasieran ondorio zenbait izanagatik ere, alkoholak metabolizatzen segituko du eta alkohola hartu duenak ondoriorik handienak gero izan ditzake.
  • Inguruabar pertsonalek, nekadurak, logalea izateak, estresak... alkoholaren ondorioak handi ditzakete. 

Dokumentuak

Edari arruntenen alkohol-tasa
11/08/2021

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua