Zer dira STIak?

Sexu-transmisiozko infekzioak (STI) bakterioek, birusek edota parasitoek eragindako infekzioak dira, nagusiki semenaren, baginako fluxuaren edota odolaren bidez transmititzen direnak, babesik gabeko sexu-praktika harremanetan (baginakoa, uzkikoa edota ahokoa) infekzioa duen pertsona batekin.

STIek askotan ez dute ageriko sintomarik. Beste batzuetan, azkura, usain txarreko fluxua, pixa egitean mina, ondoeza …  eragin dezakete. Sintoma horiek sexu-praktika arriskutsuen ondoren ager daitezke (adibidez, penetrazioa uzkitik, baginatik edota ahotik prebentzio-neurririk gabe) edo denbora tarte bat beranduago.

Garrantzitsua da diagnostiko bat lehenbailehen egitea, eta garaiz detektatzen badira, gehienek tratamendu erraza dute. Aldiz, denbora pasatzen uzten badugu eta ez badugu ezer egiten, konplikazioak sor ditzakete, hala nola pelbiseko hanturazko gaixotasuna, antzutasuna, minbiziak…

Gure bizitza sexuala zaintzeak STIei arreta jartzea ere badakar. Horiek prebenitzeko, garrantzitsua da gogoeta egitea egiten ditugun edo egin nahi ditugun sexu-praktikei buruz, STIak eta GIBa zer diren, nola transmititzen diren eta haiei nola aurrea hartu, prebentzio-neurriak ezagutu eta nola erabili eta, zalantzarik izanez gero, nora jo behar den.

Kontuan hartu beharreko gakoak

  • Baliteke pertsona bat infektatuta egotea  eta ez jakitea.
  • Infekzioak behin baino gehiagotan harrapa daitezke.
  • Komenigarriena prebentzio-neurriak erabiltzea da (gizonezkoen preserbatiboa, emakumezkoena, latexezko toallatxoak …) koitozko sexu-praktiketan.   
  • Alkohola edo drogak kontsumitzeak prebentzio-neurriak erabiltzea zaildu dezake.
  • STI bat badugu, garrantzitsua da informazio hori partekatzea arrisku-praktikak izan ditugun pertsona edota pertsonekin.

Zalantzarik izanez gero, zure Osasun Zentroan edo Sexu eta Ugalketa-osasun Zentro batean (CASSYR) plantea ditzakezu.

Argibide gehiago:

Nafarroako Gazteriaren Institutua
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua