Ikusmena, usaimena, dastamena, ukimena... aktibatu ditzakezu; zentzumen guztiek sentsazio gozoen jaki ona ematen dizute.
Poliki jatea, elikagaiak ongi murtxikatuz, hainbat zapore, ehundura eta usainekin gozatuz, eta gorputza eta adimena elikatuz.
Zure gorputza eta burua zaintzeko, elikagai desberdinak gehitu ditzakezu, edo horietako batzuei presentzia handiagoa eman diezaiekezu zure dietan.
Landare-jatorriko elikagai freskoak, ortuariak (borraja, zerba, letxuga, ilarrak, orburua, azak...) eta lekaleak (garbantzuak, dilistak...); ingurukoak eta sasoikoak, arrainen eta haragi zuri eta gorrien kantitate txikiekin. Hori guztia, batez ere landare-olio osasungarriekin onduta, hala nola oliba, arto edo ekiloretik eratorritakoak.
Kolore biziko landareek (berdeak, gorriak, horiak): bitaminez gain, kolore ukitu bat jarriko dute zure platerean eta mahaian.
Gari, olo edo arrozaren ale oso edo integralek: zure gorputzeko azukre kantitatea erregulatzen lagunduko dizute.
Lekaleek: proteinetan aberatsak dira. Hazten, indarberritzen eta zure gorputzaren defentsak mantentzen lagunduko dute.
Esnekiek (esnea, jogurtak eta gaztak): proteinak eta kaltzioa emanen dizkizute. Egunero gantz gutxiago hartuko duzu, gaingabetuak edo erdigaingabetuak badira.
Frutak: zenbait unetan (gosaria, hamaiketakoa...) eta hainbat modutan (osorik edo zatituta, entsalada edo jogurtetan gehitzeko) hartu, eta ura, freskotasuna eta bitamina asko emanen dizkizute.
Gozatzeko, fruta freskoa hozkadaka!
Ura (2-2,5 litro egunean): lagungarria da elikagaiak zure gorputz osoan banatzeko, hondakin substantziak ezabatzeko (gernu, izerdi eta abarren bidez) eta zure gorputzeko tenperatura erregulatzeko.
Hobe likidoaren % 75-80 edarietatik badator (ahal dela ura) eta % 20-25 elikagaietatik. |
Halaber, zure gorputza eta burua zainduko dituzu, honako hauen kontsumoa mugatzen baduzu: haragi gorri eta prozesatuak (hirugiharra, saltxitxak...), gantz asko dutelako; gatz kantitate handia duten elikagaiak (pizzak, aperitifak, ongailua...) eta edari azukredunak eta alkoholdunak, kaloria iturri direnak, baina balio nutritibo gutxikoak edo balio bat ere ez dutenak.